Il-berria Garralda'tar Federiko jauna eta Sarasaitzu'ko euskara

EUSKAL-ESNALEA'ren irakurleak, guztiak ezpadira geienak, oartuak zitezken Garralda'tar jaun unek egiten zituen lan ederren.
Damurik, bakan baizik etzituen ematen aren euskar-lanak, baño egiten zituenak EUSKAL-ESNALEA'tik argitaratzen zituen.
Jaun unen ilberriak biozmindu nau. Ez nakien eri zagonik. Leenean uste nuen zendu zena bere aita zela, Garralda'tar Ziriako jauna, au ere euskar-idazlea; baño ageriago unen euskar-lanik bat baizik ez dut ikusi eta ura neri zuzendurik argitaratzeko; baño nik aldi on baten begira egonik, zokoan utzia, ta an dago.
Il dena gizon ona eta zintzoa, langilea, buru argiduna, abere-sendakin buru onekoa eta ikasia. Baño ni bea nagon aldetik ikusten badugu zendu dena, oartu gaitezke jaun ori dugula edo ginuela Sarasaitzu'ko euskar-idazle bakar edo oberena.
Euskaldun garbia, Sarasaitzu'ko euskara errotik zakiena eta biotzetik zerabilena ain ederki, nola bere azken-lanean agertu zitzaigun. EUSKAL-ESNALEA'ren irakurleak oroitzen ezpadira, aski dute berriz ikustea 1925'ko Otsaila'ko zenbakia.
Nik uste ura izan zela aren azken-lana, eta etzen bere burutik ateraia baizik eta prantzesetik euskaratua.
Lan aren gaia Abelgorriak, eta oken abenda bereziak orai eta leen; oken jatorrizko leenak oro ematen zituen.
Ikusten baduzue lan ori, oartuko zarezte ederki itzulikaturik dagola, naiz aren gaia ez delarik errazena euskarat itzulikatzeko.
Jaun unek zerabilen euskara, Sarasaitzu'ko izkelgiatik zen.
Badakizue Naparroa'n ditugun izkelgietarik ori eta Erronkari'koa direla berexienak, eta damurik erreka jotzer dutela; Erronkari'n azkar doazi erreka-bera.
Erronkari'n errixka batean baizik ez da euskaraz itzegiten dutenik; eta erri ortako gazteek ezdakite. Oraitik berrogei bat urteren buruan euskarari agur eginen diote, baño erdaraz.
Sarasaitzu'n aldiz badire erri batzu, bospasei edo, gazteek ere euskaraz dakitenak eta ari direnak: Yaurta (Jaurrieta), Otsagi, Itzaltzu, Eskarotze, Orontze... Erri oketan bizi da orañik euskara aski gogor.
Nolanai den dela, Garralda'tar Federiko jaun zena ginuen orai artio Sarasaitzu'ko euskal-idazle ikasiena eta langilena. Ura kendurik, ez dakigu aterako den beste norbait arek bezain ongi egin dezakenik.
Nik uste izanen dala, baño ori ez da aski: bearrezkoa da euskara izan dadin biotzean landaturik, bestenaz ez da ernatzen euskar-lanik emateko.
Neri eder zait Sarasaitzu'ko euskara; geroago eta maiteago ditut ori eta Erronkari'koa, baño bakan baizik ez dezakegu itzegin edo Elekatu, berak dioten bezela. Guri aditzen edo ulertzen ez digutela eta bereala erdarara doazi...
¡Gure biozminaren andia! Gutika, gutika, izkelgi oken berri gabe geldituko gera.
Nik dakitala, Erronkari'n iñor ez da euskaraz idazten duenik.
Eta Sarasaitzu'n ¿ez ote da orañik norbait agertuko guri erakusteko bedere eta ango euskararen berri emateko?
¡Ziñez damutzekoa da, bi ibar aberats oietako jendea argia delarik, euskararen aldez lan egin dezakenik ez agertzea! Erronkariar edo Sarasaitzuar norbaitek irakurtzen baditu lerro oriek, barkatuko dizkida, baldin nik diotena egia ezpada.
Euskar lan geienak irakurtzen ditut, eta etan ez dut ikusi bertzela esateko biderik; orgatik otoiztu nai nituzke Sarasaitzu'ko letradunak, asi daiztela ango euskararen alde zerbait lan egiten.
Itz asko darabilazue guk ezagutzen ez ditugunak, eta esakera politak ere badituzue guri eder zaizkigunak eta gure euskaran sartu nai ginuzkenak. Ortarako argirat eman bear dituzue guk ikasteko, eta ikasi ondoan erabiltzeko.
Azkenik: il denari zor diogu emen egiten dugun aipamena.
Eta zendu denaren aita eta anaieri gure biozminaren agertzea, ekena zerbeit arintzeko.
Jainkoa-baitan bego.
LARREKO.

Bibl.: IRIGARAY GOIZUETA "LARREKO", Pablo Fermin (1929) "Il-berria Garralda'tar Federiko jauna eta Sarasaitzu'ko euskara". "Euskal-Esnalea". XIX'g. urtea. Azaroa. 311'g. zba. 193-195 or.